Xoriaren kantutik hegalaldira

Hegalkada ixil batean hasi da atzo maitaldia. Hala nola, saldo handian bildu du publikoa « Zisnearen azken kantuak » emanaldiak. Mizel Therek hegaztien, batez ere beltxargaren jestuak dantzarekiko lantzen ditu sorkutza honetan, Johanna Etcheverry, ohiko parekidearekin.
Beltzez jantzirik triskarien besoak larru gorrian gorputzetatik bereizten dira txorien hegalen antzera, sekulan kopiaketan sartu gabe. Kreazioak bikoiztasuna erakusten du, izan generoaren aldetik emazte gizon artekoa, animale eta gizonen artekoa, argia eta ilunaren artekoa, soinua eta ixiltasuna eta batez ere heriotza eta biziaren artekoa. Koregrafoak  « gorputza, lekua eta denbora lantzen duen jestuen arteko elkartzea gauzatzen du euskal usantzak utzitakoa askeki  gauzatuz ».
Besoak zabalik, gora ta behera, gora ta behera azken aldi batentzat airatzeko prest bezela, bi dantzariek gogaidetasunez dantza intimo eta goxoa erakusten dute. Sorkuntzak hilzorian den mundu bat aurkezten du. Ixiltasun urdurian sartzen da lehen dantzaria hegalak zabalduz. Txorien erakustaldietan bezela bikotekidea agertzen da.  Ingurumen soilean bikotea kasik sekulan bata bestea hunkitu gabe ibiltzen dira eszenatokian, hiltzeko prest diren bi hegaztiren gisara. Emeki emeki, ixiltasunak musikari uzten dio lekua, gauak egunari egiten dion bezela. Sofia Gubaidulinaren kontrabasuaren soinuan, musikak adiarazten ahal duen goxotasuna eta gogortasuna txankadatzen ditu eremu ametskor batera ikuslea eramanez. Argi jokoek lurra zatitzen dute heriotzaren itzala hurbiltzen delarik. Bat batean, ixiltasuna berriro, batek  hilarena egiten duen bitartean  beste dantzariak bakarkako airealdi bat hasten du.  Supituki basuaren soken dardarak gure ametsetik ihestarazten gaitu eta bikoteak bere dantzadia berritz hartzen du, eztei-hegaldi baten gisan. Elkarren arteko lan luzearen ispilua da azken pieza eta azkenean elkar hunkitzerakoan bikoteak bat egiten du, elkar lotzen dituen kidetasuna agertaraziz. Eta pixkanaka,pixkanaka, bi kideek hegoak biltzen dituzte ixiltasunaren leuntasuna itzultzen delarik bukatzera doa dantza, iluntasunez inguraturik ikusleen txalo beroaren pean.

Oihana Zamponi-Galé